ES
Inicio El club Entrenamientos Fotos Hazte socio Contacto

Historia

Lasarteko lehen errugbi-taldea 1984ko irailean sortu zen. Sasoeta auzoko jai batzordeko kideen eta Jesús Erro Castilloren, E.H.R.E.I. (Euskal Herriko Rugby Eskola Independentea) ren sortzailearen, arteko harremanaren ondorioz. Kirol erakunde honen eraginez 20 errugbi-talde baino gehiago sortu dira. Lehenago lasartearrak errugbian ibili izan baziren ere, beste herrietako taldeetan, ordura arte ez zen talderik eratu Lasarte-Orian.

Lasarteko taldea, hauen lehen partidan (1984)

Beltzak Lasarteko hipodromoan (1988)

Hainbat urtetan entrenamenduak hipodromoaren esparruaren barruan egin ziren asteburuetan, eta Dana-Ona arteko errepidean aste tartean, herrian ez bait zegoen beste lekurik. Nahiz eta jokalari batzuk debuta egin izan Sara eta Donibane Lohitzunen, Anoeta taldearekin, Lasarteko lehen hamabostekoak Anoetako zelai zaharrean (gaur egun Anoetako futbol-zelaian) jokatu zuen, 1985eko urtarrilean. 1988an taldea “Beltzak” deitzen hasi zen, ekipamendu berriaren kolore beltza zela eta.

Beltzak Lasarteko hipodromoan (1990)

Inolako erakunderen laguntzarik jaso ez eta liga federatu bati atxikita egon ez arren, Beltzek 200 partida baino gehiago jokatu zituzten, gehienak Iparraldeko taldeekin, eta hiru bira egin zituzten Europan (Frantzia, Alemania eta Herbehereak 1986an, Ingalaterra eta Eskozia 1990ean eta Irlanda 1992an).

Murrayfield, Eskozia (1990)

1998tik, partida gehiago jokatzeari utzi zioten, beteranoen partida batzuk izan ezik. Hala ere, Beltzetako kide askok harremanari eutsi zioten partidak elkarrekin ikusteko. Beteranoen bi bira ere antolatu zituzten: Edinburgoko Errugbiko Munduko Txapelketara, 2007an, eta 2008an Sei Nazioen Erromako partida batera.

2009an, taldea sortu zeneko 25. urteurrena ospatu ondoren, 2010. urtean erabaki zen Errugbi–Ostadar eskola sortzea eta Ttakun Kultur Elkartearekin lankidetzan aritzea eskola kirolaren arloan, errugbiko monitoreak eta materiala emanaz.

Errugbi eskolaren lehen entrenamentua. (2010)

Eskerrak eman behar dizkiegu urte hauetan guztietan lagundu diguten guztiei. urte haietako Sasoetako Jai Batzordeko jendearengandik hasita (Julian Espadas, Andrés, Tito, Marce… ), Querejeta, Soroeta (hipodromora sartzen laguntzeagatik) eta proiektu horretan edozer ekarpen egin duten guztiei. Eta batez ere, Jesus Erro Castillori, talde haren benetako motorra izanagatik, eta Lasarteko 17 urteko gazte batzuei kirol-arloan eta arlo pertsonalean eskeintzeko hainbeste duen kirola erakusteagatik.